Kromagnonak, Ameriketan ere?
EUSKAL SARE GORRIAko kidearen artikuloa da, GARAn agertuta 2000ko maiatzaren 5a.
Kromagnonak, Ameriketan ere?
Amerikar arkeologia eta paleoantropologia gori-gorian daude. "Times" aldizkarian duela hilabete argitaraturiko artikulu batek Antzinako Amerikaren populatzeari buruz zeuden teoria estandarrak zalantzan jartzen ari direla gogorarazten digu eta baita galdera berri horien aurrean ikertzaileen artean sortzen ari diren erantzun ausart eta kitzikagarrien berri ematen ere.
1941. urtean, Santa Fen (Mexiko Berria), «Antzinako Amerikar Gizakiaz Lehenengo Simposium»a ospatu zen. Bilera haren ondorioz, Ameriketako populazio aurrehistorikoaz mende erdia iraungo zuen «Clovis kultura»ren tesia sortu zen. «Clovis» izena aukeratu zuten 11.000 urte zituzten lanabes paleolitikoak hala deituriko Mexiko Berriko herri batean aurkituak izan zirelako. Tesi horren arabera eta orain dela gutxi arte, aho batez onartzen zen mamut-ehiztariak ziren Clovisko gizakiak Amerika kolonizatu zuten lehenak izan zirela, azkeneko glaziazioaldiaren amaieran Siberiako ipar-ekialdean agerian geratu omen zen lur-pasartea zeharkatu ondoren. Bada, dirudienez, ideia hauek eztabaidatzen hasi dira azkeneko urte hauetan eta iaz, Santa Fen berriro ere, 50 inguru arkeologo eta paleoantropologo bildu ziren datu berrien aurrean amerikar aurrehistoriaz jarduteko. Eztabaida horiek bene-benetan zirikagarriak izan dira.
Hego Amerikako behe-muturrean, Monte Verde izeneko lurraldean, 12.500 urte dituzten giza populatzeen arrastoak aurkitu dira. Tesi estandarrak dioen bezala, siberiarrek, duela 11.500 urte, Bering itsasartea zeharkatu eta Ipar Amerikako goialdeko lurraldeak populatu zituztela onartzen badugu, nola azal daiteke Monte Verdeko arrastoak zaharragoak izatea? Gainera, Monte Verden bertan askoz zaharragoa den beste aznartategi arkeologikoa aurkitua izan da, 30.000 urte omen dituena. Zein testuinguru paleoantropologikotan interpreta daiteke horren data zaharra? Itsaso Bareko mendebaldeko kostaldean 12.000 urte dituzten beste bi asentamendu aurkitu dituzte. Mexiko Berriko «Pendejo» izeneko haitzuloan 30.000 urte dituzten tresnak ere aurkitu dituzte eta Brasilgo «Pedra Furada» kobazuloan 17.000 urteko marrazkiak eta baita 30.000 urteko harrizko tresneriak ere.
Datu berri hauen guztien aurrean zientzialariak hipotesi berriak hasi dira sortzen. Hain data zaharretan gizakiak Amerikan barrena jadanik ibiltzen baziren eta, garai haietan Bering itsasartea izotzez itxita egonda, lehorretik igarotzea ezinezkoa bazen, nondik sartu ziren lehen biztanle haiek? Erantzuna guztiz iraultzailea izan da: lehorretik pasatzerik izan ez bazuten, orduan bidaia itsasoz egingo zuten. Miamiren inguruan, 10.000 urteko janari-hondarrak aurkitu dituzte kobazulo batean eta baita Perun ere 12.000 urte dituztenak; baina ez dira nolanahiko janari-hondarrak, itsaso zabalean soilik aurki daitezkeenak baizik. Beraz, gizaki haiek baziren gai itsasoan ibiltzeko. Baina, nondik etorri ziren marinel haiek? Lehen eredu batek defendatzen du Asiaren hego-ekialdetik etorri zirela (Australiako labarretako irudi batean 20.000 urte dituen itsasontzi bat agertu da). Hipotesi horren arabera, Erdialdeko Amerika eta Hego Amerikaren mendebaldeko kostaldeak kolonizatuko zituzten, ondoren Ipar Amerikara emigratzeko (hipotesi hau hizkuntz ikerketek bermatzen dute, hauen arabera iparreko hizkuntzak hegokoen eratorpenak baitira).
Baina beste bigarren hipotesi bat badago, euskaldunontzat benetan iradokitzaile dena. Clovis kulturaren gezien teknologiaren jatorria nondik zetorren jakiteko ikerketak burutu ondoren, ikertzaileak konturatu ziren teknologia horrek antzik ere ez zuela Siberian daudenekin eta bai, ordea, Goi Paleolitoko europar Solutre aldikoarekin. Ikerketak ere egiaztatu du bi kultura horiek hezurrak lantzeko, harrien dekoraziorako edota harrizko lanabesak hauts gorriekin gordetzeko erabilitako teknologiak berberak zirela. Hipotesi honen ara- bera, lehenengo amerikarrak Europako gure lurraldeko eusko-akitaniarrak izango ziren. Haiek iparraldeko izotzezko plaka itsasoz inguratu ondoren, beren kultura eta teknologiekin batera, Ameriketako mendebaldeko kostaldera iritsi ziren. Clovis teknologia izena duen hori Ameriketako ekialdean bakarrik aurkitua izan dela kontuan hartzen badugu, azkeneko hipotesi hau indartu egiten da. Gainera, amerindiarren pool genetikoan X sekuentzia aurkitu dute eta sekuentzia hori ez da aurkitzen Siberiako biztanleengan, Europakoengan baizik. Euskaldunen eta amerindiarren mitologia eta mundu sinbolikoaren arteko parekotasunak ez ote dira iraganaldi urrun haren arrasto izango? Dené-kaukasiar makrofamilia linguistikoaren lotura ez ote da izango aurrehistoria komun horren lekuko? Eta zer esan korrelazio genetikoei buruz? Galdera hauek eta beste askok irakurketarako, ikerketarako eta eztabaida zientifikorako aukera paregabeak zabaltzen dizkigute euskaldunoi; baita aspalditik eta kulturarekin zerikusirik ez duten hainbat zergati direla medio, bahiturik izan dugun iraganaldi propioa berreraikitzeko parada ere. Hala bedi!
Alfontso Martinez Lizarduikoa
Ingenieritzan doktorea. Filosofoa